Eskualde bat bideratzeko deia
Zenbakiek ere erakusten dute Gonzalezek irudikatutako errealitatea. %16ko langabezia tasa dauka eskualdeak, eta 39.000 pertsonak lan baldintza prekarioak dituztela salatu zuten martxaren antolatzaileek. «Merkataritza gune handien aldeko apustuak kalte larriak ekarri ditu Ezkerraldera; gaur-gaurkoz, 1.700 pertsonak egiten dute lan era horretako guneetan».
Eta galdera egin zuen ostera pentsiodunak: «Amazoni ateak zabaltzen zaizkio, eta lanpostuak sortuko dituztela esaten dute. Asko jota 90 pertsonarentzako lana ekarriko du banaketarako gune horrek; baina Navalentzako lan egiten zuen azpikontrata batek bakarrik langile gehiago zituen-eta! Zer ari gara sortzen?».
Horregatik, azken urteetan Ezkerralderako egin diren politikak salatu zituzten atzoko martxan. «Hemen ez baldin badira lanpostu egonkorrak sortzeko benetako politikak hartzen, inguru hau guztia pikutara joango da. Baina horretarako kalera atera beharra daukagu, eta begiratu plaza honetan zenbat pertsona gauden». Sestaoko Kasko plazan martxa abiatu aurretik ehun pertsona inguru zeuden. «Honek ere erakuts dezake jendeak itxaropen txikia duela egoera aldatzeko», zioen tristuraz.


