Amazonek 50 lanpostu sortuko ditu Trapagaranen aurki irekiko duen…

Amazonek 8.000 metro koadroko enpresa-gune berri bat zabalduko du Trapagaranen hurrengo egunetan. 50 lanpostu sortuko ditu bertan, konpainiak jakitera eman duenez.

Barne produktu gordina 2019an %2,2 eta 2020an beste %2 hazita, ikerketaren egileek uste dute erkidegoko jarduerak hazkunde erritmo dinamiko horri eutsiko diola. Txostenean diote bilakaera horretan enplegua ere handitu egingo dela, bi urtean 27.000 enplegu sortuko baitira. BBVAk iragarri du erkidegoko langabezia tasa %8,1era apalduko dela 2020. urte bukaeran.
Hazkunde horretan lagungarri izango dira, batez ere, diru politika (interes tasa txikiak), petrolioaren salneurri txikia eta doikuntza fiskalerako behar txikiagoa —eta horrek administrazioentzat dakarren maniobrarako tarte handiagoa—.
Dena den, eta batez ere enpleguari begira, hobekuntzari gehien igarriko dioten eskualdeak hiriguneak izango dira —gehienbat Donostia eta Gasteiz inguruak—. Beste zenbait eskualdek, aldiz, jaitsiera nozitu dute Gizarte Segurantzako afiliazioetan, hala nola Aiaraldeak, Arabako Errioxak eta Markina-Ondarroak—.
Arriskuak
%2 inguruko hazkunde erritmoa moteldu dezaketen arriskuak, hala ere, hor daude, eta ez dira makalak. Ziurgabetasuna gero eta handiagoa da munduko ekonomian. Esaterako, hor dago brexit-aren inguruko argitasun falta. Hala ere, BBVAren ustez, arrisku handiena AEBen eta Txinaren artean piztutako merkataritza gerratik datorkio euskal ekonomiari; batez ere, gatazka hori automobilgintzara eta ekipo ondasunen sektoreetara hedatzen bada.
Barne merkatuari dagokionez, txostenak zalantzak agertu ditu jada hartu diren zenbait neurriren inguruan. Adibidez, ikertzaileek uste duten gutxieneko soldataren igoerak ondorio negatiboak izan ditzakeela hazkundean eta enpleguan, horrekin batera ez badator beste neurririk produktibitatea hobetzeko.
Beharrezkotzat jotzen ditu ekonomiaren kalteberatasuna murrizteko neurriak ere; adibidez, demografiaren ondorioz lanpostu batzuk ezin bete ditzakeen ekonomiak, aldi berean behin-behinekotasun maila esanguratsua izateak eragin ditzakeen desoreka eta inklusio falta eragozteko.
Hego Euskal Herri osoan oraindik 11.000 enplegu gehiago sortu beharko dira maila historikoa gainditzeko, baina Nafarroan jada gertatu dela nabarmendu zuen atzo Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialetako jarduneko lehendakariordeak. «Egoera soziala hobera doa, oraindik erritmo motelean, baina aurrera doa», esan zuen, eta beste datu bat eman zuen: urtarriletik maiatzera 7.721 lagunek eskatu dute errenta bermatua, iaz baino %3,9 gutxiago.
Gustura azaldu da Confebask, betetzeko modukoa ikusten baitu urte osorako egindako iragarpena: 14.000 enplegu gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Oraingoz, duela urtebete baino 17.000 lagun gehiago ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen.
Langabe kopuruak jaisten jarraitzen du: maiatzean, 145.316 zeuden erregistratuta Lanbiden eta Nafar Lansaren, apirilean baino 3.089 gutxiago, eta iazko maiatzean baino 11.001 gutxiago. Kopururik txikiena da 2018ko abenduaz geroztik, baina 2008ko maiatzean baino ia 40.000 gehiago dira. 2013ko martxoan jo zuen goia langabe kopuruak (235.827).
Maiatza hilabete ona izan ohi da enpleguarentzat —krisirik garai gorrienean ere enplegua sortu duen hilabete bakarra da, ekainarekin batera—, eta aurten bereziki positiboa izan da Bizkaian (-1.336) eta Nafarroan (-1.218). Gipuzkoak du, ordea, langabezia tasarik txikiena (%8,9). Nahiko urrun du Nafarroa (%10,1) eta are urrutiago Araba (%11,7) eta Bizkaia (%12).
Apirilean zerbitzuek egin zioten tira behera langabeziari, Aste Santuak ostalaritzari lotutako lanpostuak ekarri zituelako. Orekatuagoa izan da maiatza: zerbitzuetan 2.165 lagunek utzi zioten langabe izateari, eta 483 industrian, 375 lehen sektorean eta 321 eraikuntzan.
Oreka gutxi dago, berriz, emakumeen eta gizonen artean. Emakumeak dira ia hamar langiletik bat (%58), nahiz eta langileen %48 baizik ez diren. Ondorioz, haien artean langabezia tasa %12,9 da, gizonen artean baino 4,2 puntu handiagoa (%8,7). Maiatzak, gainera, desoreka handitu du: langabe izateari utzi diote 1.897 gizonek, baina soilik 1.192 emakumek.
Dena ez da urre lan merkatuan, inondik ere. «Prekaritatea lan munduaren errealitatea da oraindik ere», ziurtatu du ELAk, eta datu bat aipatu du hori esateko: maiatzean sinatu diren kontratuen %92,45 behin-behinekoak izan dira, « azken hilabeteetako kopururik handiena». LABek azken lan erreformei egotzi die aldi baterakotasun handiaren errua: «2012ko erreformaren aurretik Hego Euskal Herrian Gizarte Segurantzan afiliatuta zeuden langileen %53,7k lanaldi osoko lan harreman mugagabea zuten. Orain, %50era egin du behera kopuru horrek». Sindikatu horrek gogorarazi duenez, lehen aldiz Espainiako Gobernuko presidente hautatu zutenean, Pedro Sanchezek agindu zuen erreforma baliogabetuko zuela, baina ordutik atzera egin du; «langile klaseari egindako beste iruzur bat». Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko politika sindikaleko buruak ere esan du presazkoa dela lan erreformaren «alderdi kaltegarrienak» baliogabetzea.
Lan merkatuaren beste alde beltz bat da langabeen erdiek baino gehiagok ez dutela babesik. Laurdenek baino gutxiagok jasotzen dute langabezia sari arrunta, eta beste %15,5ek subsidioarekin moldatu behar dute. Batez beste, 875 euroko saria dute langabeek Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 900 eurokoa, berriz, Nafarroan.



Iazko udazkenean ekin zioten Azkoiengo barazki enpresa horretako langileek protestari, lan baldintza hobeak eskatzeko eta kaleratutako lankideak berriro harrarazteko. 28 egunen ondoren utzi zuten, akordio bat lortuta. Greba bukatu eta hilabete batzuetara ailegatu dira isunak eta auzibideak. Foruzaingoaren ekinaldiz, hiru sindikalistaren kontrako zigor bideak ireki ditu fiskaltzak, desordena publikoa eta autoritatearen kontrako delitua egotzita.
Kanporatze agindua ezarri nahi dioten langile baten kasua da denetan larriena, sindikatuaren ustez. Autoritatearen kontrako atentatua argudiatuta, fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe zigorra, eta Hego Euskal Herritik eta Espainiatik bortz urtez kanporatzeko agindua eskatu ditu haren aurka. Gainera, LABek salatu du langile hori bi aldiz zauritu zutela foruzainek protestan ari zela.
Bertze bi auzibideei dagokienez, 2.800 euroko isuna eskatu du fiskaltzak langile baten aurka —hori da uztailean epaituko dutena—, eta bestean oraindik ez dute zigor eskaririk zehaztu.
Huerta de Peraltako kasua ez dela bakana uste du LABek, eta Iruñeko La Sangiovesa jatetxekoa ere oroitarazi du. Sanferminetan jatetxearen kanpoaldean protesta «baketsu batean» parte hartzeagatik, 21 hilabeteko espetxealdira zigortu du LAB sindikatuko kide bat. Sindikatuak errekurtsoa jarriko dio zigorrari.
«Askatasun sindikalaren kontrako epaiketak onartezinak» direla salatu du, eta zentzugabekoa dela, enpresak auzibidean parte hartzeari uko egin diolako: «Foruzaingoak eta fiskaltzak erabaki dute sindikalisten kontrako salaketarekin jarraitzea». LABek gaineratu du «erregimenak bizirik» jarraitzen duela Foruzaingoan eta justizian, eta jazarpen judiziala salatu du.
Justiziaren «patronalizazioaren» kontra mobilizazio kanpaina abiatuko du LABek. Ortzegunean eginen dute lehen protesta zaratatsua, 19:00etan, Justizia Jauregiaren aurrealdean.
«Erabiltzaile industrialentzako edo profesionalentzako bisita praktikoa izango da», azaldu du Mari Carmen Gorostiza BECeko industria eta energia arloko arduradunak. Industriarekin zerikusia zuten hainbat azoka batu, eta eskaintza osoagoa prestatzen hasi ziren 2015ean, eta Makina-Erremintaren Biurtekoa egiten ez den urteetan egiten da. Azken ekitaldia 2017koa izan zen. BECeko arduradunek aurreikusten dute zazpi azokek iraungo duten hiru egunetan denera 20.000 pertsona inguru bertaratuko direla. Hala ere, azoka bakoitzak bere bereizgarriak izango ditu.
Azpikontratazioari eskainitako azoka hau historikoa da. 1981. urtean sortu zen, enpresa txiki eta ertainak ekoizle handiekin harremanetan jarri eta negozio aukerak bultzatzeko. «Zerbitzu bat bilatzen duen ekoizleak eskain ditzakeen horiekin harremanetan jartzen ditugu, eta azoka honek gune bat dauka elkarrekin egon daitezen». Gorostizak azaldu duenez, azoka ez da produktuetan oinarritzen, prozesuetan baizik. «Enpresa txikientzako topagune garrantzitsu bat da». Erakusmahaietan 27 herrialdetako 543 enpresa egongo dira.
Ferroformaren errautsetatik sortu duten azoka berria izango da Industry Tools izena eramango duena: «Ferroformak bi atal zituen lehen: etxeko brikolajea, batetik, eta industriari lotutakoa, bestetik». Azoka hartatik kanpora atera dute industriari lotutako lan tresnen azoka, eta +Industry-ren baitan txertatzea erabaki. «Enpresa batek bere lantegirako behar dituen lan tresna denak topatu ahal izango dira bertan». 22 herrialdetako 343enpresek erakutsiko dituzte azken berritasunak BECeko pabiloietan.
Hiru dimentsioko piezak inprimatzen dituzten gailuek gero eta sona handiagoa daukate industria sektorean, eta «galderak ere gero eta gehiago sortzen dira», Gorostizaren arabera. «Ekoizpen prozesuan sistema horrek nola eragin dezakeen jakin nahi dute gehienek». Aurrez aurre galdetu ahal izango dute bertaratzen direnek, eta unean uneko erakustaldiak egingo dituzte azokan egongo diren 102 enpresetariko batzuek. «Metalaren alorrean urrats handiak eman dituzte azken urteetan, eta autogintza eta aeronautika sektoreetan interes berezia daukate».
Izenean bertan dakarren bezala, enpresen digitalizazioan eta 4.0 industrian oinarrituta dago azoka hau. «Formatu oso praktikoa da, enpresa bakoitzak dituen beharrei erantzuteko proposamenak jaso ahalko baitituzte; izan ere, lantegi denek ez dute digitalizazioa eremu berean egin behar, eta enpresa bakoitzean erabaki behar da zer digitalizatu eta zer ez». Bigarren aldiz antolatu dute azoka hau, eta arrakastatsua izango dela uste du Gorostizak. 47 erakusmahai egongo dira.
Makinen mantentze lanak ere gero eta digitalizatuagoak daude, eta prebentzioan aritzen dira horietako asko. Azoka honetan arlo horretan sakonduko da: lantegietako makinen mantentze sistemetan izandako azken aurrerapausoak erakutsiko dituzte bertan egongo diren 86 enpresek.
Gorostizak garrantzi berezia eman nahi izan dio balbulei eta bonbei bideratutako azokari. Hala egin du, azken batean nazioartetik bezero «garrantzitsuak» joango direlako BECera. «Egiptoko eta Xarjako [Arabiar Emirerri Batuak] erosle batzuk etorriko dira, eta arlo horretako hornitzaile bila iritsiko dira, gainera». Haren arabera, erosle potentzial horiek elkarrizketa eta datu truke interesgarriak eskainiko dituzte, eta horregatik garrantzia hartuko du, dioenez.
Azkenik, bigarren eskuko makinen azoka egongo da. «Azoka hau oso interesgarria izan daiteke lan zehatz batzuetarako makina behar duten baina inbertsio alturik egin nahi ez duten enpresentzat». Gainera, makina horiek prezio oso lehiakorrak izango dituzte, Gorostizaren ustez. «Eta azoka horretarako eskaintza bereziak egongo direnez, salerosketak egongo direla aurreikusten dugu». Hamalau enpresatatik joango dira bigarren eskuko makinak erakustera.