Renove planaren ia erdia ahitu da, eta gehiena gasolina…
Erritmo horrek bere horretan jarraituz gero, oraindik aste batzuk iraungo luke Renove planaren aurrekontuak, eta gogoratu behar da Gasteizko gobernuak ez duela baztertu pizgarri horren funtsa handitzea atzera. «Lortutako emaitzak aztertu ondoren» hartuko dute azken erabakia.
Nolanahi ere, Renove planaz gain, Espainiako Gobernuak auto elektrikoak erosteko martxan jarri berri duen pizgarria ere hor dago: Moves plana. Hura ere EEE kudeatzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hiru herrialde horientzat 2,1 milioi euro daude; Nafarroarentzat, 621.000 euro. Iñigo Ansolak esandakoari jarraiki, 100 bat eskaera jaso ditu dagoeneko EEEk.
Laguntza eskaera horiek soilik auto elektriko baten erosketari lotuak joan daitezke, eta ez dira bateragarriak Renove planarekin. Baina Gasteizko gobernuarenak baino handiagoak dira, 6.500 eurorainokoak baitira; 5.500 gobernuak jarriak dira, eta gainontzeko 1.000 euroak, auto kontzesionarioaren eskutik doaz. Renovek 3.000 euro baizik ez ditu eskaintzen hamar urteko auto zaharra auto elektriko batekin ordezkatzeko.
Agian, horregatik, Renove planari lotutako laguntzaren zatirik handiena gasolina eta diesel autoak erosteko baliatu dute kontsumitzaileek. EEEko zuzendariak dio laguntzen %70 baliatu dela diesel eta gasolina autoak erosteko. A ziurtagiri energetikoa behar dute, eta ez dago eskaintza handirik kontzesionarioetan. Hala ere, hibridoak eta GLP autoak baino salduagoak izan dira.
Alemaniako industria geratzen ari da; Euskal Herrikoak eutsi egiten…
Ziklo ekonomikoa, oro har, Euskal Herrian Alemanian baino geroago doan heinean, ez da baztertu behar euskal industriak ere beheranzko bidea hartzea hemendik hilabete batzuetara. Patronal guztien azterketek, ordea, industriaren uzkurtzea baztertu dute, aurreko urteetako eskariak ez ezik, eskaera berriak ere badaudelako.
Berez, industriaren jarduera bizkortzen ari dela dio Eustatek: otsailean %2 handitu zen, lehen bi hilabeteetan baino 0,3 puntu gehiago. Gainera, industria hutsak eman ditu daturik onenak: %2 hazi da kontsumo ondasunen ekoizpena, eta %4,9 ekipo ondasunena. Energia ari da uzkurtzen (-%1,8).
Datu horiek eskuan, lasai egoteko eskatu zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak: «Ekonomia moteltzen ari da, baina industriak hazten jarraitzen du». Gaineratu zuenez, bere eremuan dauden hamazazpi klusterretatik hamarrek hazkundea espero dute aurten, eta bakar batek salmentak txikitzea.
Iparraldean, «giroa ona da»
Urduritzeko arrazoirik ez du ikusten Baionako Merkataritza Ganberak. «Giroa ona da»azaldu zuen Andre Garreta ganberako presidenteak, joan den asteartean, azken txostena aurkeztean. Galdekatutako 418 enpresaburuen artean baikortasuna da nagusi, eta haietako %78k diote etorkizuna konfiantzaz ikusten dutela.
Industriari dagokionez, enpresen %32k diote urteko lehen hiruhilekoan beren salmentak handituko direla, eta %12k, berriz, jaitsiko direla. Eskarietan ere positiboa da ikusmoldea: %29k handiagoak espero dituzte, eta %11k txikiagoak. Enpresen %84k uste dute lantaldeari eutsiko diotela, baina gehiago dira kontratatu nahi dutenak (%10) kaleratzeko asmoa dutenak baino (%2).
Langabezia tasa %7,9ra jaitsi zen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan iazko hirugarren hiruhilekoan, Merkataritza Ganberaren arabera. Langile kopuruak, berriz, %1,3 egin zuen gora, 87.342 langile izateraino. Sariak ere emendatzen ari dira: batez beste, 2.203 euro gordin sakelaratu zituzten, 2017an baino %2,2 gehiago.
Alemanian, hazkunde txikia
Baikortasunerako tarte gutxi uzten dute, aldiz, Alemaniako datuek, euroguneko motorra gelditzen ari dela erakusten baitute. Nazioarteko eskaerek ekarri dute industriaren eskaerak %4,2 jaistea urtarriletik otsailera. Datua bereziki txarra da, Reutersek galdekatutako analistek igoera txiki bat espero baitzuten. Otsaileko datua iazkoarekin alderatuz gero, are okerragoa da: %8,4 txikiagoak izan dira aurtengoak. «Eskaeren datu penagarriek erabat zapuztu dituzte industriak errebotatzeko itxaropena», azaldu dio Carsten Brzeski ING analistak Reuters agentziari.
Industriaren eskari txikiagoek eragin kaltegarria izango dute Alemaniako ekonomia osoan. Iaz %1,5 hazi zen, kopururik txikiena azken bost urteetan, baina urteko azken hiruhilekoetan ozta-ozta egin zion izkin atzeraldiari. 2019an ere ez da zenbaki gorririk izango, baina hazkunde pattala izango duela uste dute Alemaniako bost azterketa institutu nagusiek. Atzo kaleratutako txostenak dio %0,8 haziko dela, udazkenean iragarri zuten %1,9tik oso urrun. Edonola ere, langabezia tasak jaisten jarraituko du (%4,8tik %4,6ra) eta biztanleria aktiboa 45,5 milioira handituko da.
WindEurope 2019 azokaren ‘arrakasta’ nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak

WindEurope Conference & Exhibition 2019 azokaren balorazio positiboa egin du Arantza Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak.
GI-3230 errepidea ostiral honetan zabalduko dute
Ikasturteko 22. greba eguna egin dute itunpeko ikastetxeek aurrerapausorik…

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek greba egin dute ostegunean, apirilaren 4an, gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan, hitzarmen duin baten alde.
Aurten ere superabitaren zati bat inbertitzen saiatuko da Nafarroa
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak atzo erakutsi zuen gutxi fio dela Espainiako Gobernuarekin eta haren menpeko erakundeekin. Mesfidantza gastu araua kalkulatzeko sistemari dagokio. Espainiako Egonkortasun Legearen atal bat da gastu araua, eta bere menpeko administrazioek gainditzerik ez duten gastu publikoa finkatzen du. Nafarroako Gobernuak esperientzia txarra izan zuen iaz horrekin: bere kalkuluen arabera, bete zuen araua, eta horregatik erabaki zuen 2017ko 230 milioiren superabitaren zati bat —113 milioi euro—, inbertsioetara bideratzea. Baina Madrilgo gobernuak 35,5 milioi soilik inbertitzeko baimena eman zion Iruñekoari, gastu araua argudiatuta. «Kopuru ziztrina», Maria Solana gobernuko bozeramailearen hitzetan.
«Gure iritziz, gastu araua bete dugu», esan zuen atzo Ogasun kontseilariak. Arazoa da gastu araua kalkulatzeko sistema «nahiko kriptikoa» eta «konplexua» dela. «Ez dira soilik foru administrazioak egiten dituen gastu inputazioak, Estatuko Esku Hartzeak zuzenean egiten dituen batzuk ere badaude. Aurkitu izan dugu Espainiako Bankuaren defizit batzuk guri ere zenbatzen dizkigutela, guk ezeren errua ez izan arren».
Iaz, Espainiako Gobernuari presio egiteko, lege bidez tramitatu zituen inbertsioak, baina ezer gutxirako balio izan zuen. Iradoki zuen aurten maiatzeko hauteskundeen aurretik egiteko astia izango dutela.
Espainiako Kongresuak atzo berretsitako dekretu batek emango du baimena superabitaren zati bat «inbertsio jasangarrietarako» bideratzeko. Dekretu hori «lotsagarria da, Nafarroako gizarteari adarra jotzea», Marisa de Simon Ezkerrako parlamentarioak salatu zuenez. «Hauteskundeetarako lau aste falta direla onartu du dekretua, hamar hilabetez Nafarroarentzat inbertsioak eragozten aritu ondoren […] Oraindik harritzen gaitu zer mutur handia duen PSOEk». «Inprobisazioak» egin beharrean, Egonkortasun Legea bertan behera uzteko eskatu zuen De Simonek, «austerizidio neoliberalaren tresna» delako.
%85,5
UGT sindikatuak jakinarazi du 132 lan hitzarmen kolektibo daudela indarrean Nafarroan, eta horiek guztiek langileen %85,5 babesten dituztela lurralde horretan. 2019ko lehen bi hilabeteetan 82 itun erregistratu dira, eta gainontzekoak 2018. urtea baino lehen adostutakoak dira. UGTk CCOOrekin elkarlanean negoziatzeko duen gaitasuna azpimarratu du, eta esan du ELAren eta LABen konfrontazio eredua «propaganda» dela.