Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak alokairura bideratutako 120 eta 177 etxebizitza eraikiko ditu Zabalganan eta Larreinen. Halaber, beste 84 bizitoki egingo ditu Loiolako Erriberan.
Bigarren garaipena erreskadan lortu nahi zuen Alavesek, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan du, banakoarekin amaitu baita Celtaren aurkako partida. Neurketa hasi eta berehala markagailuan aurretik jarri da etxeko taldea, baina partida kontrolpean zuela zirudienean, gola sartu du Pablo Duranek, eta hotz utzi du Mendizorrotza. 12. jardunalditik etxean irabazi gabe dago Alaves. Hala ere, ondo eutsi dio gero berdinketari. Aurkariaren opari batekin hasi du partida Alavesek, penalti inozo bat egin baitu Celtak. Fran Beltranek, baloia buruarekin urrundu nahi zuela, besoarekin jo du, eta VAR sistema erabilita penaltia adierazi du epaileak. Ederki aprobetxatu du Kike Garciak, nork bestela, eta gola sartu du 6. minutuan. Sasoiko dago Alaveseko aurrelaria; bederatzi gol egin ditu denboraldi honetan, eta sei aldiz astindu du sarea azken sei jardunaldietan. Margalaikuan aurretik jarrita, lehen zatian ondo baino hobeto jakin du Eduardo Coudetek zuzendutako taldeak errentari eusten, batere sufritu gabe. Celta saiatu da baloia izan eta alde batetik bestera mugitzen, baina argitasunik gabe. Zelaian ondo kokatu dira Alaveseko jokalariak, eta ez dute zirrikiturik utzi. Horren erakusgarri, Celtak jaurtiketa bat ere egin ez izana. Presioan, gainera, fin aritu dira gasteiztarrak: asmatu dute noiz egin aurrera, Celta baloia luze jotzera behartzeko, eta noiz itxaron metro batzuk atzerago. Alaves ere apenas hurbildu da aurkariaren ate ingurura, baina zailena eginda zuen ordurako: gola sartzea. Bestelako gidoia Lehen 45 minutuetan ikusitakoa ez zaio batere gustatu Celtako entrenatzaileari, eta azkar mugitu du aulkia: aldaketa bikoitza egin du atsedenaldian. Eta hain justu, Williot zelairatu berriak izan du Celtaren lehen aukera, bigarren zatiari ekin eta hiru minutura. Geldiketa ona egin du Owonok. Segidan erantzun du Alavesek, eta eskura izan du bigarren gola. Carlos Vicentek ziztu bizian egin du ihes ezker hegaletik, eta pase ona ema dio Guridiri. Azpeitiarrak, ordea, baloiari lehen kolpean jo beharrean, kontrola egitea erabaki du, eta galdutako segundu horietan aurkaria gainera etorri zaio. Barkatu egin du Alavesek, baina partida kontrolpean izaten segitu du hurrengo minutuetan. Harik eta Celtak zaplastekoa eman dion arte: 66. minutuan, area kanpotik jaurtiketa indartsua egin du Pablo Duranek, eta sareetan bukatu du. Ukitu du Owonok baloia, baina indarrik gabe, ez da gai izan norabidez aldatzeko. Hortik aurrera, erabat aldatu da neurketaren gidoia. Banakoaren ostean, jokoari neurria galdu dio Alavesek. Celta erosoago egon da zelaian, nahiz eta arrisku handirik ez sortu. Partida korapilatzen joan da, eta tentsioa areagotzen. Ez da egon, ordea, aparteko aukerarik, eta beraz, ez da gehiago mugitu markagailua. Luzapenean haserre joan da aulkira Alaveseko goleatzailea. Hiru puntuak nahi zituen taldeak, baina okerragoa izan zitekeen. Puntuak pilatzen segitzen du, behintzat. Guridi eta Tenaglia jokalariek 100. partida jokatu dute Alavesen elastikoarekin, eta neurketa hasi aurretik omenaldia egin diete. Alaves-Celta Alaves. Owono; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Gebara, Protesoni (Villalibre, 71. min.), Carlos Vicente, Guridi, Conechny (Carlos Martin, 71. min.); eta Kike Garcia (Toni Martinez, 91. min.). Celta. Guaita; Yoel Lago (Javi Rodriguez, 45. min.), Starfelt, Marcos Alonso; Carreira, Fran Beltran, Moriba, Mihailo Ristic (Alvarez, 75. min.); Cervi (Williot, 45. min.), Borja Iglesias (Douvikas, 63. min.) eta Pablo Duran (Fer Lopez, 85. min.). Golak. 1-0: Kike Garciak, penaltiz (6. min.). 1-1: Pablo Duranek (66. min.).
Lan iturriek adierazi dutenez, Ekonomia Sailak onartu egin du azkenean Yolanda Diazek eta CCOO eta UGT sindikatuek adostutako testua, aldaketarik gabe.
La Cumbrek Donostiako Udalaren esku behar zuen 2023tik, baina elkarte memorialistek nahi baino gehiago ari da luzatzen prozesua. Udalaren esku uzteko eskatu dute, oraintxe bertan. GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, hara eraman eta han torturatu zituztelako bihurtu da ikur eraikin hura. 2022ko Memoria Demokratikorako legeak beren-beregi aipatzen ditu La Cumbre eta Ezkabako gotorlekua memoria toki bihur daitezen, haietan egindako giza eskubideen urraketak lantzeko. La Cumbrerako ondu dute jada proposamen bat elkarte memorialistek, eta hori azaldu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Asun Lasa eta Pili Zabala izan dira aurkezpenean –GALek bahitu, torturatu eta hil zituen haien anaiak, Joxean Lasa eta Joxi Zabala–, Javi Buces Aranzadi Zientzia elkarteko ikerlariarekin batera. Zenbait elkarte memorialistek La Cumbrerako elkarrekin landutako proposamena aurkeztu diete batzarkideei. Argituz, Berridatzi, Egiari Zor eta Mikel Zabalza herri ekinaldiarekin batera egindakoa da egitasmoa. Lehentasuna eman diote eraikina lehenbailehen Donostiako Udalaren esku uzteari. Zabala: «Zergatik hainbeste erresistentzia lege batean idatzita dagoen mandatu bat betetzeko? Argi dago estatu indarkeria jasan dugunok ez ditugula eskubide berberak eduki, eta berdintzetik urrun gaude». «Zergatik hainbeste erresistentzia lege batean idatzita dagoen mandatu bat betetzeko? Argi dago estatu indarkeria jasan dugunok ez ditugula eskubide berberak eduki, eta berdintzetik urrun gaude» PILI ZABALA GALek hildako Joxi Zabalaren arreba Luis Barigarrementeria EH Bilduko batzarkideak ere ideia hori azpimarratu du hitza hartu duenean: «Lagapena behar da ahalik lasterren, horrek jarriko lukeelako abiapuntua aurrera egiteko». Bucesek ere lehentasuna lagapenean jarri du. Hortik harago, elkarte memorialisten proposamena aletu du. Bi oinarri juridiko ditu: 2002ko Memoria Demokratikorako legean aipatzen da estatuaren errepresioaren ikur sinboliko gisa definitzen diren eraikinak memoria leku bihurtzea eta La Cumbre eraikina Donostiako Udalaren esku uztea urtebeteko epean, memoria demokratikoa zaintzeko eta zabaltzeko gune bihurtzeko. Besteak beste, errepresioaren biktima izan direnentzako dokumentazio zentro bat izatea jasotzen da, funtzio pedagogiko eta dibulgatzailea izatea, eta beste gune memorialistekin sare bat osatzea. Biktima horientzako laguntza psikosoziala emateko leku bat egotea ere proposatu dute. Zabalak sakondu du horren arrazoietan: Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko 220 biktima onartu ditu eta eskaera egin duten beste 417 espediente aztertzeko daude oraindik. Nafarroa ere aintzat hartuta, orain arte aztertu diren espedienteen arabera poliziaren biktima gisa aitortu dituzte 461 pertsona. «Nola lagundu, zaindu eta erreparatu horiek?». Zabalak esan du «berandu joanda ere» gai horri heltzeko abagunea eman dezakeela La Cumbrek. «Sufrimenduan laguntzea, eta bizi baldintzak hobetzen laguntzea da xedea, pairamen fisiko eta psikologikoak arintzeko». 30 urte aurten Lasak hunkituta hartu du hitza, aurten 30 urte beteko direlako Lasa eta Zabalaren gorpuak identifikatu zituztenetik. Eskerrak eman dizkie batzarkideei, eta, azaldu dienez, La Cumbre etxe goxo baten gisan irudikatzen du estatuaren biktimentzat, ez duena beste inor baztertzen. Aitortu du Euskal Herrian bestelako sufrimenduak ere izan direla, «baina agian guk nahi dugu gure etxea eduki, eta ETAren biktimek ere beraien etxea eduki, eta bizilagun izan gaitezke». Itxaropentsu mintzatu da: «Guretzat oso pisu handia du eraikin horrek; behin izan naiz aurrean, eta gaizki pasatu nuen. Baina jendeak esandakoak entzun ostean, uste dut denon artean eta zuen laguntzarekin lortuko dugula pisu hori aldatzea». Batzarkideek eskerrak eman dizkiete azalpenengatik Bucesi, Zabalari eta Lasari. Barinagarrementeriak elkarte memorialistekin bat egin du, eta eskatu La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko oraintxe bertan. La Cumbreren esanahi berriari buruz, berriz, uste dute estatuak eragindako biktimekin «hutsune handi bat» egon dela, eta herri honetako biktima guztiek merezi dutela egia eta erreparazioa: «Era deskonpentsatuan erantzun zaie». Ianko Ganboa EAJko batzarkideak azpimarratu du La Cumbre ikur bat bihurtu dela herri honetan, Lasaren eta Zabalaren epaian bertan agertzen denez han torturatu zituztelako. «Tortura giza eskubideen urraketa oso larria da, eta herri honetan horri ikusgarritasuna eman behar diogu. ETAren biktimei ere eman behar zaie ikusgarritasuna». La Cumbreri beste esanahi bat emateko lehe pausoa lagapena dela esan du Ganboak ere. Memoria kolektiborako toki bat izan behar duela esan du, «baina ardaztua egon behar du Lasa eta Zabalaren bahiketan, torturan eta hilketan. Hori da gure jarrera. Ezin da ezkutatu La Cumbren gertatu zen izugarrikeria». «Ezin da ezkutatu La Cumbren gertatu zen izugarrikeria» IANKO GANBOA EAJko batzarkidea Arritxu Marañon PSEko batzarkideak esan du legeak betetzeko daudela, baina Donostiako Udaleko bizikidetza mahaian eztabaidatu beharreko gaia dela, eta gainerako erakundeak laguntzeko daudela. ETAren biktimak ez baztertzeko eskatu du Jorge Mota PPko batzarkideak. Maribi Eizagirre Ahal Dugu-ko batzarkideak memoria konpartitu bat aldarrikatu du, inklusiboa, eta Lasaren itxaropenerako mezua goratu du. «Memoria historikorako motorra zarete, eta aurkeztu duzuen txostena oso ondo enfokatua dagoela iruditu zaigu».
Espainiako Ligako emakume futbolariek 2020an sinatu zuten lehen lan hitzarmena. Bada, bost urte geroago, bigarrena sinatu dute. Ligako presidente Beatriz Alvarezek eta Futpro, Futbolistas On eta CCOO sindikatuetako ordezkariek aurkeztu dute gaur hitzarmena, eta, haien arabera, akordioari esker, hobekuntzak izango dituzte lan baldintzetan eta laguntzak emango dira, besteak beste, amatasunean, kontziliazioan, buru osasunean, baimenetan eta ikasketa beketan. AFE eta UGT sindikatuek ez dute testua sinatu, akordioa hobea izan zitekeela iritzita. Alvarezen hitzetan, hitzarmena beste mugarri bat da emakumezkoen futbola profesionalizatzeko bidean. «Etapa zail bat igaro genuen, baina oso harro nago lortutakoarekin». Adierazi duenez, hitzarmena «urrats garrantzitsua» da, baldintzak hobetu daitezkeen arren. Gogoratu duenez, duela bi edo hiru urte emakume askok ezin zuten futbolean soilik jardun, baina egun «ligako jokalari guztiak profesionalak dira». Klubei eskerrak eman dizkie erakutsitako prestasunagatik.
Guardian Glass Laudioko langileek elkarretaratzea egingo dute asteazkenean, labea itzaltzeko lanak oztopatzeko asmoz. Bestalde, labearen itzaltzea behin-behinean gelditzeko kautelazko neurriak eskatu dizkio ELAk EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari.
Urtea hasi zenetik gaur arteko partidei etekin askorik atera ez dioten arren, Espainiako Ligan zuri-gorriak ez daude kexatzeko: garaipenak kateatzen ari dira, tartean babazorroen berdinketa batekin, eta gaur heldu da bigarrena, etxean: Leganesen kontra berdindu du Athleticek. Hamabigarren aldiz jarraian ez dute partidarik galdu ligan, behintzat. Horrela lortu dute oraingoz hirugarren postuan sailkatzea, gaur gaueko Bartzelonaren eta Valentziaren arteko partida gorabehera betiere. Vivianek eta Berenguerrek aukera bana izan dute gola sartzeko, baina hutsean geratu dira horiek. Beste hainbeste Leganesek. Atea ukitu dute bi aldiz, lehendabizi de la Fuenteren burukoak zutoina jo du, eta ondoren, Munirren areatik kanpoko jaurtiketak, langa.
Binakako Txapelketako 11. jardunaldiko partida jokatu dute Lasok eta Iztuetak Altuna III.aren eta Arangurenen kontra, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan. Partida paretsu hasi dute bi bikoteek, eta aurrea ere hartu diete Lasok eta Iztuetak beste biei (5-7), gutxirako izan bada ere: zazpi tanto egin dituzte segidan Altuna III.ak eta Arangurenek. Hormabiko ikaragarriarekin irauli du Amezketakoak partida, eta gantxoak egiten ere fin aritu da; Aranguren, berriz, partidak aurrera egin ahala hartu du sasoia. Lasok eskatutako atsedenaldiaren ostean, bikote gorriaren hamahirugarren tantoa ikusgarria izan da: Arangurenek hiru aldiz jaso du pilota atzetik, eta Altunaren beste hormabiko batek lekurik gabe utzi du Iztueta, tolosarra harmailetara igotzeraino. Hurrengo tantoan, atzelariek ondo eutsi diote, eta Altunaren gantxoak ez dio utzi aukerarik, beste behin, Iztuetari. 16-7 aurretik zirela, Lasok eta Iztuetak pare bat tanto egin dituzte, eta lehenengoan pilota aldatzeko aprobetxatu dute, partidaren hasieran ia tanto bakoitzeko bezala. Bigarren tanto hori pilota atzeraino bota diote Aranbururi, eta Aginagakoa ez da heldu txapa gainera. Gorriek pare bat tanto egin dituzten arren jarraian, urdinek ez dute amore eman, eta beste hiru tanto egin dituzte bata bestearen atzetik: 18-13. Lasok behin eta berriz eraman du pilota atzera, Arangurenengana, eta luze jo du hurrengo tantoak; azkenerako, indarrez jo du gantxoa Lasok, eta aukerarik gabe utzi du Altuna. Seigarren tantoa ere egin dute jarraian urdinek: 18-15. Joera hori eten dute Altunak eta Arangurenek berriro, eta hogeigarren tantora ere heldu dira errebotean sartu den pilota aukeratu berri batekin. Beste bikoteak ere markagailua puztu dute pare bat tantorekin —horietako batean, aurreraino joan behar izan du Arangurenek Lasok pilota motz utzi duenean; lurrera jaurti da, emaitzarik gabe, ordea—. Altunaren eta Arangurenen garaipenaren aurreko tantoa Iztuetaren oker batengatik izan da: eskuinera joan zaio pilota oker; jarraian, Lasok gaizki eman dio pilotari.