Bilboko Portuak bi urte lehenago lortu ditu 2020rako aurreikuspenak
Plan estrategikoaren lehen urtearen balorazioa egin zuen atzo Barkalak, portuko jarduerarekin zerikusia daukaten arduradunen aurrean. Getxoko gurutzaontzien terminaleko harrera gunean jarritako taula baten gainetik, esan zuen 2018a «urte ona» izan dela. Eta ez da gutxiagorako, urtero trafikoa %2,7 handitzea aurreikusten baitu plan estrategikoak, eta iaz %4,1 egin baitzuen gora. Errekorren urtea izan zen, gainera: inoizko edukiontzi gehien esportatu eta inportatu ziren (638.447), eta bidaiari gehien jaso zuen urtea izan zen —ferry eta gurutzaontzienak batuta, 200.613—.
Zenbaki horiekin, ardatz Atlantikoko portu nagusia da Bilbokoa. Atzetik ditu Naonedekoa (Bretainia), 32,5 milioi tonako trafikoarekin, eta Gijongoa (Espainia), 19,6 milioi tonarekin. Aurten, gainera, Bilboko portuaren trafikoa %1,5-2,5 haziko dela esan du Barkalak, eta 2020. urtetik are gehiago hazteko aukera edukiko du. Itsasontzi gehiago amarratzeko lekua egongo da eskuragarri, portuko erdiko kai muturraren lehen fasea amaituta egongo baita. Lehen itsasontziak hartzeko prest egongo da datorren urtean, eta dagoeneko enpresa batzuekin harremanetan jarri dira portutik kaia merkaturatzeko.
Proiektu estrategikoak
Kai berriaren bigarren fasearen lizitazioa aurten egingo dutela ere aurreratu zuen Barkalak, eta lanak hurrengo urtean hastea espero duela. Era horretan, Bilboko portuak egun duen arazoetako bati aurre egin ahalko dio. Hau da, okupazio tasa handia dauka, %87koa, Espainiako Gobernuaren menpeko beste portuen batezbestekoa baino %24 handiagoa. Erdiko kai muturraren lehen fasea amaitzen denean, okupazio tasa %83ra jaitsiko da, eta ahalmena handituko.
Trafiko gehiago hartu ahal izango du portuak, baina lehengaiak bertara iristeko azpiegitura garrantzitsua da hegoaldeko tren saihesbidea. «Proiektu estrategikoa», Barkalaren arabera. Atzo aurreratu zuen Espainiako Aldizkari Ofizialean laster argitaratuko dela proiektuaren inguruko ikerketa informatiboa. «Atzerapausorik gabeko fase batean sartuko da horrela saihesbidea».