Astelehenean biltzeko deia egin die Kristau Eskolak itunpeko hezkuntzako…

Martxoaren 12tik 15era izandako lanuzteen ondotik iritsiko da gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatuek patronalarekin egingo duten bilera.
Faconauto auto saltzaileen Espainiako patronalak eman zituen atzo datuak. Haien arabera, martxoaren 1etik 19ra 1.747 auto auto matrikulatu dira hiru lurraldeetan, iaz epe horretan baino %37,78 gehiago. Hazkundea handiagoa da erosle partikularren kasuan: 1.509 erosi dituzte herritar soilek, %53,35 gehiago. Haientzat da Jaurlaritzaren laguntza, eta ez enpresentzat.
Lurraldeka, Gipuzkoan handitzen ari da gehien salmenta (+%52), eta ondoren datoz Bizkaia (+%34) eta Araba (+%24).
Igoera handia da, eta arrakasta gisa sal dezake Eusko Jaurlaritzak, merkatua biziberritzea baitzuen helburua, eta, aldi berean, adiskidetasun keinu bat egitea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako autogintza industria boteretsuari. Baina, hein berean, aintzat hartu behar da martxoko salmenta emaitzak puztuta daudela. Izan ere, otsailean %18,7 jaitsi ziren salmentak eremu horretan, balizko erosle askok erosteko erabakia atzeratu zutelako Jaurlaritzaren laguntza jaso ahal izateko. Nafarroan ez da halako laguntzarik, eta %2,4 handitu ziren matrikulazioak otsailean.
A energia ziurtagiria
Itxoin zutenetako asko ohartu dira laguntzarik ez dutelako jasoko, Renove planaren dirua jasotzeko baldintzen artean dagoelako erositako autoak A energia ziurtagiria izan behar duela. BERRIAk galdekatutako kontzesionarioetan erantzun argia eman zuten: «Hamarretik bederatzi ez dira A ziurtagiridunak». Gainera, baldintza hori betetzen zuten gehienak auto handiak dira eta, hortaz, laguntza jasotzeko beste baldintza bat ez zuten betetzen: 25.000 eurotik beherako kostua izatea.
Faconautoren arabera, Renault taldeko bi markak dira planari etekin gehien atera diotenak. Renaultek berak 49 auto saldu zituen 2018ko martxoko lehen hamalau egunetan, eta 139, berriz, aurtengoetan (+%184). Haren kostu txikiko marka, Errumaniako Daciak, 37tik 106ra handitu ditu bere salmentak (+%186). Ez bata ezta bestea ere ez dira izan gehien saldutako hiruren artean azken urteetan.
Planari esker auto elektriko gehiago eta GLP gasa erretzen dutenak ere saltzen ari direla aitortu dio Bizkaiko auto saltzaileen elkarteak Europa Press berri agentziari. Diru gehien jasotzen dutenen artean daude horiek —3.000 euro auto elektrikoa erosten dutenek, eta 2.250 euro, berriz, GLPa erosten dutenek—. Jaurlaritzak bost milioi euro jarri ditu Renove planean, hau da, 2.000 eta 2.500 autoren erosketa lagunduko duela.
«Langabezian dauden gazteen kopuruak behera egin du; lanaldi partzialek ere bai; eta beren soldatek gora egin dute», azaldu zuen Jaurlaritzako Enplegu sailburuorde Marcos Murok, atzo. Sailaren ikerketa plazaratzeko agerraldian, Murok esan zuen gutxiago direla orain atzerrira joan beharko duten ustea duten gazteak, baina uste horrek oso zabaldurik jarraitzen du. «Epe laburrean enplegua aurkitzeko duten esperantza hobetu egin da».
Hala eta guztiz ere, gazteen lan errealitatea gogorra da, eta sailburuordeak berak horrela gogorarazi zuen, «zuhurtzia»eskatu eta gero: «Datuek erakusten dute gazteen zeregin nagusia ikasketak direla, eta, lanean ari direnen artean, behin-behinekotasun kopuruak handiak dira oraindik, baita lanaldi partzialak ere».
Batez besteko soldata
Sindikatuek sarritan salatu dutenez, gazteen enplegua prekaritatez jantzia iristen ari da gehienetan. Aski ezaguna da langabeziak bereziki gazteen artean eragiten duela gehien. Euskal Herriko langabezia tasa %10etik behera jaitsi da jadanik, azken urteetako susperraldiarekin batera, baina gazteen tasa (16 eta 29 urte bitartekoak) bost puntu handiagoa da, portzentajeak behera egin duen arren.
Gazteen Euskal Behatokiaren ikerketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 2.000 inkesta ditu oinarrian, 16 eta 34 urte arteko pertsonekin eginak; lanak erakutsi duen beste datu azpimarragarri bat gazte landun horien soldata da. Marcos Murok esan zuenez, hilero mila eurotik gora jasotzen dute batez beste. Zehazki, 16 eta 29 urte arteko gazte landunek 1.093 euro jasoko lukete, 2.000 inkesten erantzunei jarraiki. Muroren arabera, langile gazteen artean hamarretik bederatzi ari dira kotizatzen Gizarte Segurantzan, «eta lanaldi osoko enpleguak hazi egin dira, batez ere emakumeen artean». Horrek ekarri ei du batez besteko soldatak gora egitea; aurreko inkestetan ez zen mila eurora iristen.
Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak azaldu zuen 30 eta 34 urte arteko langileen batez besteko soldata 1.297 eurokoa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrek esan nahi du 29 urtetik azpikoen (gazteen) batez besteko lansaria baino 200 euro gehiago jasotzen dutela multzo horretako langileek.
Lana eta ikasketak loturik
Bestalde, bukatu al da gazteentzat lan bila atzerrira derrigorturik joatea? Bukatu ez, baina Murok dio gutxiago joan behar izaten dutela. «Zertxobait» jaitsi da, halaber, urtebete baino lehen enplegua galduko dutela uste dutenen kopurua, eta apur bat hazi da beste multzo bat: lortutako enplegua egindako ikasketekin lotura duela dioten gazteena. Horrekin batera beste datu bat: iaz baino gutxiago dira esaten dutenak enplegua aldatu nahi dutela, eta gutxiago dira, era berean, beste lanpostu baten bila dabiltzanak.
2012. urtean galdu zuen Forondak 24 orduko ordutegia, AENak hainbat aireporturen baliabideak oinarri-oinarrizko mailan utzi zituenean, langileria 120 beharginetatik 30era txikituz, eta gaueko ordutegia praktikoki merkantzia garraiora mugatuz, hots, gauetara.
Azken zazpi urteetan gorabehera handiak izan dira Forondako aireportuaren orduetan, eskariaren araberako irekitzeekin eta abarrekin. Mariano Rajoyren gobernuaren 2018ko aurrekontuak babesteko EAJk PPrekin hitzartutako akordioan jaso zen Forondaren ordutegia handitzeko diru saila, baina aurrekontu haiek ez ziren aurrera atera, ezta 2019rako Pedro Sanchezenak ere. Gauzak horrela, azkenean Aenak jarri du dirua. Apirilaren 25etik aurrera, hamabost langile gehiago izango ditu aerodromoak —42 orotara—, hamar suhiltzaile, zentral elektrikorako hiru behargin eta eragiketetarako bi teknikari gehiagorekin.
Forondak atzean utzi ditu urterik okerrenak. Ryanairren etorrerak 2006. eta 2007. urte oparoak ekarri zituen, baina aire konpainia irlandarra joan zen, eta horri krisia gehitu zitzaion. 2013. urtean jo zuen hondoa: bidaiari kopurua ez zen 7.000 lagunera iritsi.
Ryanair
Baina, orain, nahiz eta 2007. urteko 173.000 bidaiariak ez dituen oraindik berreskuratu, Forondak azken hiru urteetan igoera ikusgarria izan du kopuruetan, iazko ekitaldia 140.000 bidaiarirekin ixteraino. Ryanairren itzulera dago horren oinarrian. Konpainia 2017ko martxoan itzuli zen, eta astean bitan hegaldiak egiten ditu Bergamora (Italia), Koloniara (Alemania), Sevillara (Espainia) eta Palmara; eta hirutan Tenerifera (Espainia). Horiei charter hegaldiak ere gehituko zaizkie Aste Santuan eta San Prudentziotan. Gero, ikusi beharko da, ordutegi zabalagoa izatea Forondari zenbateraino izango zaion baliagarri hegaldi gehiago erakartzeko.
Aurten, gainera, zaila izango du kopuruak askoz gehiago hobetzea: aireportuan lan egiten duten bi konpainietako batek, Iberiaren Air Nostrumek, Donostia-Madril lineako sei hegaldi bertan behera utziko ditu, apiriletik aurrera. Astelehenetik ostegunera, Madrilera egunero dozena bat joan-etorri egiten jarraituko du Air Nostrumek, baina zortzira mugatuko ditu ostiral, larunbat eta igandeetan.
Iberiaren AIG taldeko beste konpainia bat da modu egonkorrean Hondarribian aritzen den beste konpainia:Vueling. Bartzelonarako bidaiak egiten ditu, egunean lau joan-etorri. Madrilekin eta Bartzelonarekin dituenez gain, aurtengo udan ere Hondarribiak ez du beste aparteko loturarik izango. Halakoak Lutonera (Londres) eta Palmara (Balear Uharteak) egiten ziren aireportuan, baina bi hegaldiak bertan behera gelditu ziren 2017an, pista txikitu zenean.
Premiazko bilera
Hain zuzen, udarako hegaldiak lortzeko lan horretan aritu da Ortzibia, aireportua sustatzeko sozietatea —Donostiako, Hondarribiko eta Irungo udalek, Gipuzkoako Aldundiak, Gipuzkoako Ganberak eta Jaurlaritzak osatua—. Baina, oraingoz, hainbat aire konpainiarekin egindako saiakera guztiak antzu izan dira Ortzibiarentzat. Sozietateak esan du ez duela itxaropenik galtzen, eta hurrengo azoka nagusietan hegaldiak lortzeko saiatzen segituko duela.
Dena den, Ortzibia kezkatuta dago azken hegaldi murrizketarekin. Joan den asteazkenean plazaratu zuen agirian dioenez, presazko bilera eskatu dio Iberiari, Air Nostrumen hegaldien gutxitzeaz hitz egiteko.
Hondarribik zaila izango du, hala ere, aurreikusitako hegaldi kopurua handitzea, besteak beste, bere pistaren luzerarekin erabat baldintzatuta dagoelako eta, oraingoz, hura handitzea erabat bazterturik dagoelako.
Aerodromoak soilik turbohelizeekin dabiltzan hegazkinak har ditzake. Air Nostrumek, adibidez, ATR hegazkin kopurua mugatua du, eta hegazkin horiek beste zenbait hegalditarako ere erabiltzen ditu, esaterako, Bartzelona-Melilla egiteko.
Atzo zazpi jakin zen Google tasa Europako Batasun osoan ezartzeko beste saio batek porrot egin duela, eta 2021erako utzi dutela ahalegina. Atzo, berriz, garaipen horren ifrentzua ikusi zuen Interneteko atari famatuak. Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak ez du zalantzarik egin, eta beste kolpe bat eman dio AEBetako konpainiari. Publizitatearen merkatuan Komisarioak dio Googlek eragozpenak jarri dizkiela lehiakideei Adsense for search plataforma baliatuz. Vestagerrek atzo azaldu zuen «jarrera okerrak hamar urte baino gehiago» iraun duela, eta beste konpainiei eragotzi diela «lehiatzea eta berrikuntza egitea». Finean, Bruselak online publizitatean nagusikeriaz aritzeagatik zigortu du Google; merkatu horren ia %80 haren esku dago gaur egun.
Konpainiak bazekien iritsi berri den isuna bazetorrela, prozesu luze baten ondorio izan baita. Birritan akordio batera iristeko aukera egon zen, baina ez. Bruselak Googleren eskaintzak baztertu eta ikerketa ofiziala zabaltzea erabaki zuen 2016an; artean, Joaquin Almunia zen Lehia komisario. Europako Batzordeak dio Googlek esklusibotasun klausulak ezarri dituela 2006tik aurrera webgune askorekin egindako kontratuetan, eta iragarkiak monopolizatu dituela modu horretan. «Ez zegoen esklusibotasun horretarako arrazoirik; bere lehiakideak urrun edukitzea baino ez».
Helegitearen zain
Pentsatzekoa da Googlek helegitea jarriko diola isun horri ere, aurretik jasotako beste biei ere jarri baitie. 2017ko ekainean, Europako Batzordeak inoiz jarritako isunik handiena ezarri zion Internet sareko atari ezagunari: 2.420 milioi eurokoa. Ikerketak ondorioztatu zuen AEBetako konpainiak nagusitasuna zuela Interneteko bilaketetan, eta posizio hori gehiegikeriaz baliatu zuela bere produktu eta zerbitzuei lehentasuna emateko.
Handik urtebete pasatxora, 2018ko uztailean, Europako Batzordeak berriro zigortu zuen Google, eta orduan ere sekula jarri duen isunik handienarekin: 4.340 milioi euro. Sakelako telefonoen merkatuan lehia askea oztopatzeagatik ezarri zion kopuru hori, eta hari ere helegitea jarri zioten.
Googlek dio «aldaketak» egingo dituela Eurpako Batzordearen azken isunaren ostean; «urtero milaka aldaketa egiten ditugu gure produktuetan», esan zuen atzo. Merkatu «osasuntsuak» nahi dituela erantsi zuen, eta bere produktuak berriro gaurkotuko dituela. Ez zuen argitu, edonola ere, 1.490 milioi euroko isunari helegitea jarriko dion ala ez.